Brand

Euskal Curriculumak Euskal Hezkuntza Legea beharrezko du

Gorbea

Anjeles Iztueta Azkue

Euskal Curriculumak bere garaian hasitako bidearen hamargarren urteurrena bete berria den honetan, asko eta garrantzitsuak dira aurretik ditugun erronkak

Bere garaian, proiektuari emandako bultzada eta kontsentsua motelduz eta itzaliz joan da zortzi urte hauetan; ausardia falta zela tarteko lehen urteetan, eta politika irizpide argiak zirela medio beste lau urtetan.

Hala ere, Hezkuntza Komunitatearen errealitateak eta nahiak bultzaturik, berriro ere ateak ireki zaizkio Euskal Curriculumari Heziberri proiektuaren eskutik. Euskal Curriculuma dugu esku artean, baina Euskal Hezkuntza Sistemaren Lege babesa behar-beharrezkoa da bermez egikaritzea nahi badugu.

Bide horretan, Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko eztabaida faltsutu nahi izan dute zenbaitek, arazoa pribatu eta publikoaren arteko gatazkara eramanez. Argitu beharra dago, zein den gure herrian bataren eta bestearen arteko aldea, erabilitako mintzaira nahasgarria izan baitaiteke maiz.

Batetik, eskola pribatuak aipatzean esan beharra dago ez Ikastolak ez Kristau eskolak ez direla erakunde pribatuak, kontzertatuak baizik; izan ere, gizartearen zerbitzura dauden heinean diru publikoz hornitzen dira neurri handi batean.

Publikotzat ditugun eskolak, berriz, guztiz hornitzen dira diru publikoz, baina horrek eraberean administrazioarekiko menpekotasun erabatekoa dakar. Horrek, gaur egun, menpeko herria garenez, espainiar administrazioaren menpeko izatera garamatza.

Aukera berdintasuna ikasle eta irakasleentzat

Ikastetxeen titulartasunak baino garrantzi handiagoa izan beharko lukete betebeharrek eta herri zerbitzu izaerak. Zentzu horretan, ezinbestekoa dugu Euskal Hezkuntza Sistema egituratze bidean urratsak egiten jarraitzea denok, bai Ikastetxe Publikoak (Administrazioaren Eskolak), bai Ikastolak, bai eta Kristau Eskolak ere.

Bestetik, Euskal Hezkuntza Sistemak, bere osotasunean, aukera berdintasuna bermatu behar du ikasle eta irakasleentzat; gaur egun desorekak handiak baitira. Esaterako, dibersifikazioko eta behar bereziko ikasle gehienak ikastetx publikoetan daude. Horrez gain, Euskal Hezkuntza Sistema barruan irakasleen lan baldintzak eta lanerako sarbideak oso ezberdinak dira, eta, oro har, baliabideak era oso desorekatuan banatzen dira.

Euskara: non gabezia gehiago, han baliabide gehiago

Euskal Hezkuntza Sistemako ikasle guztiek euskara menperatzea bermatu behar da oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaieran. Baita gaztelania ere, eta maila batean ingelesa eta frantsesa.

Argi izan behar dugu gaur egun gure Hezkuntza Sistemaren gabezia nabarmenak euskaran ditugula, eta hor jarri behar dugula arreta berezia. Horretarako, Euskal Hezkuntza Sistema osoaren ahalegina eta pauso sendoak ematea beharrezkoa da.

Lekuan lekuko errealitatea kontuan hartuta, arlo honetan ere, aukera berdintasuna gauzatu behar dugu: gabezi gehieneko eremuak, baliabidez hornituz eta politikak indartuz!

Lege marko bat adostu behar dugu grabitate zentzua gure gizartean jarriz

Lege marko bat adostu behar dugu Euskal Hezkuntza Sistemaren betebeharrak eta baliabideak era adostuan banatzeko eragile guztiok artean; betiere, gaur eguneko eta etorkizuneko gure gizartearen zerbitzura. Oso present izanik Hezkuntza Komunitatearen grabitate zentroak gure gizartean egon behar duela.

Lege marko bat sortzea ezinbesteko tresna dugu, Euskal Herrian eta Europan kokatzen den Euskal Hezkuntza Sistemarako bidea egiteko, eta euskal ikasleak euren beharrizan eta gizarteak dituen eskariei erantzuna emateko.

Euskal Hezkuntza Sistemaren Legea, denontzat

Euskal Curriculuma egikarituko badugu, nahitaezkoa da Euskal Hezkuntza Sistema osoak adosturiko legea. Ikastetxeak -edozein delarik ere titulartasuna-, eragileak eta Hezkuntza Komunitate osoa, denok elkarrekin norabide berean ekarpenak egin ditzagun!

BERRIA



"