Brand

Zer da hizkuntz eskubide bat?

Gorbea

Aitor Nafarrondo

Nork erabakitzen ditu espainolen hizkuntz eskubideak? Nork erabakitzen ditu frantsesen hizkuntz eskubideak? Nork erabakitzen ditu (tira, izan gaitezen munduko herritar) txinatarren hizkuntz eskubideak? Ba al daki jende horrek zer den hizkuntz eskubide bat? Normalizazio politikoa eslogan bihurtu den garai honetan, behar genuke seriotasun handiz pentsatu zer den normala izatea eta zer den politika. Bai, normalizazio politiko baten alde nago, baina gure herriaren egoerak exijitzen du bi hitz horien atzean dagoenaren analisi zehatz eta landu bat. Eta hori egin ezean, ezin mintza gaitezke etorkizun ilunez: ez baita egonen etorkizunik guretzat.

Gure herri honetan asko hitz egiten da delako erabakitzeko eskubide sakratu horretaz, baina, gauzak zer diren, gu gara horri buruz gutxien dakigunak; lehen aipatutako “jende horrek”, horiek, berriz, ongi dakite zer den egunero erabakitzea: eta agian larriena, konturatu gabe egiten dutela, hain dute barneratua. Baina bai, espainol edozeinek badu espainieraz egiteko eskubidea eta berari espainieraz egitekoa, eta era berean frantses eta txinatarrek, nork bere hizkuntzan. Izan ere, horiek dira estatua duten hizkuntzak: lurralde zehatz batean bere boterea ezarria duen aparatu administratibo­juridiko­betearazlea da estatua, eta bere baitan kontrolpean dituen herritar guztiak (askatasun gehiago edo gutxiagorekin, erosoago edota deserosoago daudelarik) hain zuzen kontrolpean izateko, hizkuntza bat erabiltzen du, bat eta bakarra, tokian tokikoa. Boterea dagoen tokikoa. Politika boterearen erabilera da, eta besteen boterea gure gaineko gisa onartuz egiten dena ez da politika. Eta, beraz, ez da ez estrategikoa, ez taktikoa, ez ezer. Boterea duenak agintzen baitu: boterea duenak soilik baitu erabakitzeko eskubidea.

Gure herriak, alabaina, ez du estatu egitura propiorik. Halakotz guk ez daukagu erabakitzerik, ez baitaukagu horretarako botererik. Hartutako adibideari jarraikiz, gauza nahiko argia da ezen euskara, gaurko egoera luzatuz gero, aurki desagertuko dela. Horri normalizazio ezin zaio deitu. Hain zuzen, gu geu geure buruaren jabe izango garen ordua izango da normalizazioarena. Orduan erabaki ahalko dugu, inork inposatu gabe, eguneroko bizitzako denetariko alderdiei buruz. Orduan izango dugu erabakitzeko eskubidea, zeren eskubidea norberak irabazi beharreko zerbait baita, eta mantendu beharrekoa. Hori boteretik egiten da, eta gaur egungo munduan boterea estatuek dute. Ez dezagun, beraz, geure burua kondenatu eternalki martiri izatera: har dezagun geure burua kontuan, ez dezagun ezinbestekotzat jo besteen laguntza (eta are gutxiago zapaltzen gaituztenena), eta eraiki dezagun gure estatua behingoz parte hartzeko munduan ahots propioarekin.

Ohituak gaude botere arrotzei herri honen nomalizazioan parte har dezaten eskatzera, nolabait ere gure herri zahar hau oraindik haurtzaroan balego bezala, bere kasa ezer gutxi egin lezakeelarik. Baina, hain zuzen, begien aurrean dugun arren, ez gara gai ikusteko haiek egunero ari direla lanean, gureak behar luketen erabakiak hartzen eta aplikatzen. Eta horrexek oztopatzen du, hain zuzen, normalizazioa. Lor dezagun, beraz, independentzia; bilaka gaitezen gure etxean agintari (benetako agintari, noski, eta ez botere zentralen bozeramaile eta haien legeen betearazle); eta has gaitezen gu gure erabakiak hartzen, inoren debeku eta baldintzapenen menpe egon barik. Hori izango da herri honentzat benetako aro berria.

­Edozein organismok bere buruaz autokontziente izan behar du.

­Euskaran egiten diren murrizketak murrizketa sozialak dira.



PreviousNext